XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egoera onetaz, baiña, Errose konturatua zan, eta oean atzarri, estu ta larri iraun oi eban, semea etxera etorri arte.

Gaixoak ez eban ezer esaten, baiña agiri eban aurpegi ta begietan, jasaten eban naigabe sakona.

Oraingo kinka larria baiño len, oartua zan semea gudaritzatik etorri ta laster, lengoa ez zala, eta bildur bakanak jota, etxetik joan ez zeiten Mikel'eri eskatu eutsan.

Ezagutzen eban bere seme ta morroi arteko alkarteziña, eta etxeko etorkia zala-ta, argi-argi ikusten eban Mikel iñoizkorik bearrezkoen zala.

Bein baiño sarriagotan, burura etorri izan yakon, mintegiana abadetza laster beteko leuken bere seme Andoni'ri etxera dei egitea, baiña gero damututa, uxatzen eban oldozkun ezegoki au.

Ezin egikean ezelan be, Jaungoikoari eskiñitako semea kendu, eta au otu izatearen oldozkun soillak lotsaz beteten eban, eta bere aukeran eban bide bakarrari, au da, otoitzari, buru-belarri emoten eutsan.

Martiñ'ek lengoa iraun ba'leu, orduan gauzak beste itxura bat eskiñiko eben, baiña bere senarra orain ez zan nor, etxaguntzak eskatzen eban lan aztuna, berak bakarrik burutzeko.

Agiri zan baita be, ardaorako zaletasunaz batera, semeak lanerako adoretan galtzen ebala.

Intxalde'ko itxaropen bakarra, beraz, Mikel'egan zetzan, baiña Errose gaixoa bildur ezkutu batek jota bizi zan.

Naigabe onein artean, Errose'ri itxaropen eta poztasuna ekartsazana, Edurne bere alaba kutuna zan.

Onegan bere uste osoa jarrita eban, eta sarri askotan azaltzen eutsazan bere arrenkurak, eta izan be, Edurne amaren naigabeak aalik ondoen uxatzen saiatzen zan.

Len izandako ebakuntzatik, Errose bajoian apurka-apurka sendatzen, eta indarrak irabazita gero, alabea Bilbao'ra barriro igortzen asmatzen eban, andra dotore ta aberats baten laguntzailletzat jardun egian, eta bidebatez, eretiak aurkeztuko litzakioz mutil onen bat ezagutzeko.

Edurne'k, baiña, ez eban olakorik entzun gura, jaiotetxea maite-maite ebalako, eta aita zala-ta, onen osasun-beerakadeak larritasun andia eragiten eutsan.

Onezaz gaiñera, Intxalde'ko alabea konturatzen ez bazan be, biotzaren atean sentipen barri batek dei egiten eban, batzutan zorion-zeru bateraiño eroiana, eta bestetan atsekabezko oxin baltzera....

Baiña laga dagigun ezkutu au, bere garaia etorri arte.

Egunen urrats geldi-eziñak aurrera joiazan, eta uda aretan, oikoa zan lez Andoni etxera biurtu zan illabete bat oporretan emoteko, Saturraran'go abadegaitegira joan baiño len.

Ogetabi urteko mutil eder eta maitekor au, urte bi geroago abadetzeko zan.

Onen etorrereak, etxea illuntzen eben odeiak zelanbait uxatu ebazan, eta etxeko lanetan aal eban giñoan ziarduan.